Mundu galdu eta isil baten aztarnak
Himalayako zortzimilako erraldoietatik aparte beste ezer ez dagoela dirudien garaiotan, bestelako proposamen abt dakar Adolfo Madinabeitiak (Agurain, Araba, 1959). Mendi elurtu, hotz eta jendetsuetatik urrun, Venezuelako Amazonia bero, heze eta bakartia aukeratu du Madinabeitiak azken eskaladarako jolas eremu. Oraingoan Andre Vancampenhoud adiskidea izan du sokalagun, eta Mundo perdido izena jarri diote Acopan tepuy tentean ireki eta eskalatu duten bideari -650 metroko bidea, 16 luze eta 7a eta A3+ zailtasunak iradoki dituzte-.Aspaldikoa da Adolfo Madinabeitia eta Venezuelaren arteko lotura. Hogei urte pasatxo dira estreinakoz herrialde hartara joan zela. 1989 urrun hartan Jesus Galvezek nahikoa izan zuen keinu bat egitea Madinabeitia itsu-itsuan Venezuelara begira jartzeko. Aingeruaren Jauziaz hitz egin zion Galvezek, munduko ur-jauzirik garaienaz. Mila metroko jauzian behera ura segundo gutxiren bueltan amiltzen da; behetik gora eskalatzeko, ordea, zenbat denbora behar ote zuten? Galdera horri erantzuteko asmoz joan ziren Venezuelako Amazoniara Galvez eta Madinabeitia, eta 23 egun behar izan zituzten hormatzarra japoniarren bidetik eskalatzeko. Hurrengo urtean hara itzuli, eta ur-jauzia biderik zuzenenetik ireki eta igo zuten bi eskalatzaileek, horman haien sinadura betiko utziz.
Hogei urteren ondoren, Venezuelara itzuli da Madinabeitia, Autana mendiaren ekialdeko horma eskalatzea helburu hartuta. Lantegia aurrera eramateko, herrialde hartako Andre Vancampenhoud eta Henry Gonzalez eskalatzaileekin egin zuen bat, aspaldiko adiskideekin. Duela hogei urte ere Galvezek eta Madinabeitiak izan zuten Autana begiz joa, baina hara joateko baimenik ez zuten.
Autanara ezin joan aurten ere
Oraingoan ere ezinezkoa izan du Madinabeitiak tepuy hartara joatea. Arrazoiak, ordea, bestelakoak izan dira. «Aspaldiko asmoa nuen, baina gauzak asko zaildu zitzaizkigun. Azken bi urteetan errusiar bat joan da hara, eta inguru hartako indigenekin arazoak izan ditu -paraxutean jauzi egin eta lurreratzeko lekuan zuhaitz batzuk moztu zituen, eta indigenei agindu zien diru kopurua ordaindu gabe alde egin zuen-. Kontuak kontu, haserre daude kanpotarrekin, eta hara ez joateko aholkatu ziguten», azaldu du eskalatzaileak.
Asmo nagusia bazterrean utzita, beste jomuga baten bila jarri ziren. Gonzalezek jarri zien norabidea: Acopan eta Amuri tepuy-ak. «Eskalatzeko aukera handiak dituztela esan zigun. Ez genituen ezagutzen, eta, mendi haiek ere 600 eta 650 metro arteko hormatzarrak dituztenez, hara abiatzea erabaki genuen». Jomuga zehaztuta, haraino iristea izan zuten hurrengo erronka, benetako abentura. Autobusez Puerto Ordazeraino, transfer bat ondoren Ciudad Bolivarrera iristeko. Handik, autobusean hamabi orduko beste bidaia bat, Brasilgo mugan dagoen Santa Elenaraino; eta, azkenerako, hegazkin txiki bat alokatu zuten Yunetera joateko.
Yunet da hormatik gertuen dagoen herria. 150 bat biztanle ditu, eta hara iritsi zirenean herriko plazan zeuden guztiak. «'Hori da hori harrera egin digutena', pentsatu genuen gurekiko. Kontua da cuaima piña suge batek hozka egin ziola gazte bati, eta guztiak zeudela haren jira-biran. Hegazkinean sartu eta ospitale batera eraman ahal izan zuten. Eskerrak, hegazkinik ezean nekez iritsiko zelako oinez eta ibaian behera». Mundu galdua hitzek benetako zentzua hartzen dute inguru hartan. Caracas hiriburua da benetako oihana; bakardadea, aldiz, erabatekoa da tropikoan. Arthur Conan Doyle idazle eskoziarrak han kokatu zituen Mundu galdua eleberrian historiaurreko dinosauroak. Ez alferrik. «Erabatekoa da bakardadea, bakartuta izan gara, erabat; telefonorik ere ez dugu eraman. Pakistanen inoiz ez dut hainbesteko bakardaderik sentitu», dio Madinabeitiak.
Hamaika egunez horman
Amuri edo Acopan. Non eskalatu. Hori zuten erabakitzeko azkena. Amuri hegazkinetik begiztatu zuten, eta ikusitakoa ez zitzaien gustatu. «45 kilometro egin behar dira oinez hara iristeko, eta harkaitzari ez genion itxura ona hartu». Herritik gertuago dago Acopan, eta eskalatzeko erakargarriagoa iruditu zitzaien.
Ehun bat metroko zatia eskalatzea nahikoa izan zuten ondorioztatzeko hartutako bidea egokia zela eta handik jarraituta tontorrera irtengo zirela. Guztira, 11 egun behar izan zituzten 650 metroko horma gainditzeko. «Harearria da, gogorra, Aingeruaren Jauziaren aldean harri sendoagoa. Landaredia oso berezia dago hango hormetan; oso hauskorra da, sustrai sendorik gabea, eta ukitze soilarekin erori egiten dira». Horman gora egin ahala, oihanari eta sabanari erreparatzeko tarte luzeagoak izan zituzten. Luze guztiak Madinabeitiak eskalatu zituen sokaburu; hura arduratu zen bidea irakurri eta irekitzeaz. «Hala egin nezan eskatu zidan Vancampenhoudek, hark ez zuelako garbi ikusten».
Pixkanaka joan ziren horma gainditzen. Luzez luze, librean zatirik gehienak eta eguraldia lagun zutela. Inguru bero eta hezea da tropikoa, eta ekaitz egun bakarra izan zuten. Egun euritsu baten bezperan iritsi ziren hormako sabaira, eta artifizialean gainditu zuten eremu hori. Ia osotasunean, ordea, librean eskalatu zuten. «Seguruak jartzeko arazorik apenas izan genuen. Tarteka iltzeren bat jarri bai, baina trabagailu eta friend-ekin moldatu ginen», azaldu du eskalatzaileak.
Gustura dira 11 eguneko lanaren emaitzarekin: «Bide dotorea ireki dugula uste dut». Acopan tepuyko hormak eta, bide batez, Mundo perdido bideak 650 metroko luzera du. Hamasei luzetan banatu zuten bidea -haietako hiru eskalatu zituzten artifizialean- eta 7a+/A3+ zailtasuna eman diote bi eskalatzaileek.
Autanara itzultzeko asmoa
Gailurrera iritsitako unea du bereziki gogoan Madinabeitiak: «Oihanaren erdian tepuy-ak uharte bakartien parekoak dira, munduan dauden arrasto geologikorik zaharrenak. Beste mendi bat igo edo tepuy bat igotzearen aldean dagoen desberdintasun nagusiena horixe da: ingurua. Tontorrak berak ez du apartekorik, inguratzen duena da ikusgarria».
Venezuelara joandako aldietan beti gozatu du Madinabeitiak, baina ateratzeko du Autanan eskalatu ez izanaren arantza. Zalantzarik ez du, ordea. Itzultzeko akuilua eta motiboa du hori: «Zalantzarik ez dut. Pixkanaka gora ari naiz ni ere adinean; 51 urte ditut, baina sasoian nago eta oso ongi ezagutzen dut neure burua. Itzuliko naiz».
'Tepuy'-ak, antzinako munduaren zaindari isilak
Venezuelako Amazoniako oihan itxian daude tepuy izeneko mendiak. Itsasoetan uharteak nola, gisa berean tentetzen dira sabana zabalean, antzinako mundu baten zaindari isil. Baso itxiek inguratzen dituzte, eta haietako gehienak igotzea mugatutako jarduera da eskalatzaileentzat. Beste inon ez dago gisa horretako mendirik, eta Venezuela eta Brasil arteko eremuan ehun bat daude. Flora endemikoa dute, eta munduko aztarna geologiko zaharrenetakoak dira. Mundu galdua hitzek benetako esanahia hartzen dute eremu horietan, erabatekoa baita bakardadea. Venezuelako agintariek natur ondare izendatu zituzten, eta haietako gutxi batzuk igo daitezke.